Cerdanya, Conflent, Carlit. Ipar Kataluniatik eski astea
Estavar herriko Bajanda auzoa kanpamentu oinarritzat hartuta, aste oso bat Ipar Kataluniako eski estazio batzu ezagutu ditugu. Sarritan elurren faltan egoten diren arren aurtongo “llevantadak” edurrez bete zituen guk hara joan behar genuen aste berean. Beraz, elur maila nahiko asea izanda, hara irten ginen, ni Arabatik eta Apatxe eta Igor Iruñatik, ihaz Chamonixeraro bidaia osotu genuen talde bera. Bajanda herrixka Lliviatik eta Sallagosatik oso hurbil egonda, bisitatu nahi genituen eski estazio guztiak oso gertu genituen, urrunena 40 minututara autoz.
Puigmal 2900
Igandea izanik eta elur berria eukita, lehenengo txangoa Puigmal 2900 eski estaziora egin genuen. Goizeko bederatziak baino lehenago heldu zen Freeride gure Bajandako etxera. Urteak ziren elkar ikusterik ez geneukala biok, Formiguera eski estazioan azkenez 2005ko abenduan elkartu ginenetik. Beraz, birtopaketa, ederra suertatu zen. Kafe bero bat hartu eta Puigmalera eraman gintuen. Hara heldu bezain laster, beste mundu bat zela ohartu ginen.
Tossa del Pas dels Lladres, Puigmal d’Err eta Puigmal de Llo sortzen duten zirkoa, den dena, eskiagarria izanda, teleski bi baino ez dira beharrezkoak. Gora heldu, geuk eskiak eta Freeridek taula ederto lotu eta zeharkako jaitsiera hasita ibilbide ezberdinak hasi ginen urratzen. Hartara elur erori berria hautsa zen eta Puigmaleko aukera guztiak goiz osoan zehar deskubritzen ibili ginen.
Clot de la Pastera, Aiguaneix, Isards... Geroxeago, eguerdia jota, Les Planes aldera hurbiltzen joan ginen, “Combe’etatik”. Hantxe pinuen artean eskiatzen, inon markaturik ez zegoen bidetatik berriro teleaulkira heldu ginen. Berriro igon eta arratsaldea Cotzé aldetik ibili ginen, basoen artean, hankak lehertzear izan genuen arte. Orduan, eskiak eta taula jaso eta berriz Bajandara itzuli ginen. Hantxe, laurok berbetan ordutan egon ginen, afal ostean Freeride bere herrira buelta zan arte.
Els Angles
Hurrengo goizean Els Angleserako bidea hartu genuen. Els Angles oso eski estazio komertziala da, Ekialdeko Pirinioak departamenduko komertzialena duda barik.
Erremonte moderno eta arinak ditu, eta pista nahiko prestatuak ere. Hala ere, goizean goizetik hasita, haren 60 kilometro baino gehiago egiteko denbora izan genuen. Hasieran pistetatik, zeinen artean, Le Cierf edo Le Mur de Mêrmet nahiko politak ziren.
Goiza joan ahala, ipar ekialderuntz joan ginen, Peborni aldera, eta hantxe, basoen artean eskiatzen eman genuen ia egun osoa, gero, azken orduan, Pla de Mir’era bueltatuz, pista batzu errepikatzeko.
Els Anglesetik bistak ederrak ziren, ia Cerdanya eta Capcir osoa ikusi ahal ziren, Canigo mendilerroa erdian. Bestalde, egun osoa eman genuen Matemale eta Puyvaladorreko laku izoztuei begira eskiatzen, eta orduantxe ulertu genuen zergatik “Kanada txikia” ezizena daukan Capcirra.
La Molina
Geure hasierako planetan sartzen ez zen arren, behin Cerdanyan egonda, eta elur pila egonda (Alp 2500 eremua %100ean zabalik zegoen) haren 125 km pista ezagutu beharra zegoelarik, hara joan ginen. Gainera, txiki txikitatik La Molinarekiko izan dudan erakarpena eta beharra asetu behar nituen. Behin baino gehiagotan hantxen izan naiz, Kataluniako eski estazioen artean zaharrenetako bat, eta martxan dirautenen artena zaharrena, baina beti udan. Niretzako, bai bera, bai Payares eta Candanchú dira beharrezko hirurak, “Hiru handiak”. Hiru haien pistetan Penintsulako eski estazioen historia baitago idatzita.
Baina sentimentalismoz aparte, 125 km pista, bera eta Masella artean sorturik, nahiko arrazoia bazen berez. Tamalez, biak lotzen dituen telekabina izorratu zen eta La Molinan baino ezin izan ginen eskiatu. Hala ere, eta Apatxek orkatila bihurritu izan ez bazen are gehiago, La Molinak berez badu nahiko lana.
Saint Thomas les Bains
Apatxeri medikuak egun pare bateko atsedena agindu ziolarik, goizean goizetik Igor Coll de La Llosara eraman eta berak ipar eskia egiten zuen artean, Apatxe eta biok Conflent aldean, oso bailara estu bateko izkin batean dagoen Saint Thomas les Bainseko bainuetxera joan ginen. Oso txikia da, Andorrako Caldea edo Loudenvielleko Balnearekin zerikusirik ez daukana. Beheko solairuan jacuzzi bi eta hiru tenperatura desberdinak dituen hammam ilun bat baino ez dago, eta goian, kanpoan, elurrez inguraturik, hiru laku moduko igerilekuak. Han kanpoan 4º baino ez zegoen, eta igerilekuen hotzberoa 38 gradutakoa zen bataz beste. Igerilekutan apur bat bilatu ezkero iturberoak topatzea lortzen zan, non ura 58 gradutara irtetzen zen. Bestela, 28 euroren truke, ia ordu erdiko masaia eta uretan nahiz hammamean beratzen egoteko nahibeste denbora egoteko aukera izan genuen.
Riutort
Hurrengo goizean, Apatxe etxean utzita, Igor eta biok Riutortera (Puyvaladorrera) joan ginen eskiatzen. Heldu ginenean aparkalekuan 20 bat auto baino ez ziren egongo, eta aulki bat eta teleski bat baino ez zuten zabalik. Hala ere pista guztiak zabalik zeuden eta erremonte bi horiek hartuta eremu osoa (eta eremutik kanpo dagoena) eskiatzeko aukera zegoen.
Egun guztian zehar hamazazpi pertson baino ez genuen zenbatu estazioan. 17 pertson .Hori bai eski estazio esklusiboa. Gainera egun osoan zehar eguzkiak jotzen du. Pistek ez dute misterio handia, Lys pista beltza ez bada.
Baina pinuen artean eskiatzea eta estazioko punturik altuenetik (Pic du Ginevretik) ezkerretara dauden “Les Combes” guneek eurek, eski estazio honetarako bidaia justifikatzen dute.
Cambra d’Ase
Cambra d’Ase zirkoa inguratzen dituen eski estazio biek, Sant Pere dels Forcatsek eta Einak, loturik egonda, beharbada gehien gustatu zaigun eremua osatzen dute.
Oso eremu zabala, dan dana pinuen artean eta pistetatik at eskiatzeko aukera haundia. Puigmalen ere bazegoen, baina Cambra d’Asek bazuen beste karakter bat, alpinoagoa, esan baliteke. Pisten artean azpimarratu beharreko bat, Font Freda, mendiko pista naturala izanda, non erdian dauden pinu lerroak tubo estu eta “elur-metez” beteak konfiguratzen dituzte.
Formiguera eski estazioa aldez aurretik ezagutzen nuenez ez genuen hara txangorik egin, eta Font Romeura ezta ere, ez zitzaigulako erakartzen. Bestela, pentsatutakoa baino eski egun gutxiago bat euki genuenez, Porté Puymorensera joateko aukera galdu genuen.
Hala ere, hara, Carlit, Puigmal eta Canigo mendilerroen arten dagoen herrira iztultzeko asmoa daukagu.
Unai